Euskadiko Orkestrak bere Denboraldi Sinfonikoan programatu du Aita Donostiaren lan monumentala: Illustrations musicales pour La vie profonde de Saint François d’Assise.
Lehen mailako ondare-berreskurapena da. Neurriari, taldeari eta iraupenari dagokienez, fraide eta konpositore donostiarrak inoiz sortutako lanik handinahiena da. Jatorriz Henri Ghéonen antzerki-lanerako musika intzidental gisa idatzia eta 1926an Parisen estreinatua, partiturak batzen ditu espiritutasun frantziskotarra, distira korala, euskal herri-ondarearen sustraiak eta gerren arteko Parisko abangoardien konposizio-aurkikuntzak.